Gipuzkoako saroien lehen aipamen idatziak Aralarkoak dira. Eskuizkribua 1.025. urtekoa da eta Gipuzkoa (Ipuscua) zein Aralar (Haralarre) toponimoen lekukotza zaharrenetarikoak dakartza. Idazki garrantzitsua da oso historiaren ikuspegitik, Gipuzkoa lurralde berezitu moduan aipatzen duen lehenbizikoa delako. Ikertzaile askok jorratutako testua da, baina bada behar moduko arreta izan ez duen xehetasun bat: Aralarko bi saroi aipatzen dira 1.025eko testuan, Heziza zaval eta Hezi caray. Kontua da aurretik haien izaera zehazten duen izen generikorik ez dagoela, baina, zalantzarik ez dago. Hasteko, sasoi hartan, lurraldearen eta ekonomiaren ikuspegitik, Aralarren balioa zutenak saroiak zirelako, eta ez besterik; bigarrenik, eta batez ere, 1.409. urteko zerrendan Eçiça, Eçiça hondarra, Eçiça ydoya, eta Eçyçaray izeneko saroiak azaltzen direlako. Bidenabar, 12. gizaldian, 1.178 aldera, alderdi giputzeko saroi gehiago dokumentatzen dira, beste sei hain zuzen (Arriestarieta, Ezquiaso, Zamilola...).

Zenbat saroi egon ote diren Aralarren? Bada galdera horri beste honekin erantzun dakioke: eta zer da Aralar, noraino iristen da?

Gipuzkoako alderdiko aurreneko aipamenak, esan dugunez, 11. eta 12. gizaldietakoak dira, baina lehen zerrendak 15. mendekoak. 80 zenba daitezke, gutxienera jota. Horrek esan nahi du eremu horretan kilometro koadroko bi saroi zeudela aldi hartan. Gainera, badaiteke saroi gehiago egotea, sarri askotan eskribauek izenak nahastu egiten dituztelako.

Azpimarratzekoa da Enirio-Aralarko Mankomunitateak kudeaturiko lurraldetik kanpo ere saroi ugari zeudela, eta Ataungo alderdian, adibidez, Arin Dorronsorok saroi mordoa biltzen eta lekukotzen du. Hala berean, gauza jakina da Abaltzisketan, Amezketan zein Zaldibian saroiak egon direla (Olako saroi...) eta Nafarroako alderdian ere mordoa zegoela jakite ziurra da. Aralarko saroi txikiek, 6 gorabileko erradioa zuten (82 m). Gustu duenak Arritzaga aldeko saroietan hausterretzak erraz aurkituko ditu. Gaineko aldean gurutzea dute landuta.
Garbi ikusten da saroien hedapena edo banaketa ez datorrela bat mankomunitate, udalerri, probintzia edo erresumen bereizketekin. Saroiak haranen beherean hasten dira (Ataunen, Zaldibian...) eta mendialdeko lekurik garaienetaraino iristen dira ia, edo alderantziz, nahiago bada. Gainera, agerikoa irudi du saroi horiek sare moduko bat osatzen dutela, ez direlako inoiz bakanduak edo barreiatuak azaltzen: saroi batetik gertu beti beste bat dago.

Goierri aldean gaudenez, saroien alderdi garrantzitsu bat azpimarratzeko, Juan Ignazio Iztueta zaldibiarraren hitzak ekarriko ditugu hona: “terreno particular rodeado de monte comunal”. Zuzen dabil, uste izatekoa delako jatorriz saroi guztiak zilegimendietan zeudela, egun Aralarko Mankomunitatean dauden bezala alegia, nahiz eta, denboraren buruan, eremu horiek herri-lur edo norbanakoen jabetza bilakatu, saroi asko baserri bihurtu ziren bezalaxe. Alabaina, saroiei buruzko adierazpen esanguratsuenak beste goierritar batek egiten ditu, Barandiaranek hain zuzen, bere Mitologia Hiztegi zoragarrian:
“Los seles recuerdan o reproducen la forma de los viejos cromlechs pirenáicos con su austarri «piedra cenizal» que ocupa el centro, como la urna de cenizas de muertos en aquellos monumentos. El área de las zonas del país donde hay seles veraniegos corresponde a los pastos de altura, como también la de los dólmenes y, en gran parte, la de los cromlechs de la Edad de Hierro”.

Goierriko mendigunean larreen ikusmiraz goza daiteke alderdi askotan, hots, bazkaleku zabalak daude han. Horrek, besteak beste, esan nahi du hausterretza edo erdiko gunea aurkitu ezean, Aralarko saroiak finkatzea zaila dela, lehen begiratuan bederen. Mendian gabiltzanean, eta Aralar bezalako tokietan gaudenean batez ere, paisaiaren okerreko irakurketa egiteko arriskua areagotu egiten da, hau da, aurrean duguna milaka urtetan, historiaurretik gaur arte, horrelaxe egon delako ustekizuna indartu egiten da, ezer aldatu ez balitz bezala, eta ez da horrela, inolaz ere.

Esate baterako, Aragón Ruano eta beste hainbat ikertzaileri esker, badakigu Aralarren 18. eta 19. gizaldian baso mozketa handiak burutu zirela, ontzigintzarako, udalek zorrak kitatzeko eta abar. Hain zuzen, Mujikak, Morazak eta haien lankideek mila urte lehenago ere, Erdi Aro Goiztiarrean, Aralarren, gaurko larre-tokietan basoa zegoela egiaztatzen dute. Talde horrek, Arrubi eta Esnaurretan induskaturiko etxola-hondo tumularretan, gainera, argi utzi du aldi hartan behikia gailentzen zela. Aldikako abeltzaintza espezializatuan oinarrituriko ekonomia ereduaren lehen aztarnez hitz egiten dute, 6.-7. gizaldiraino garamatzatenak eta luzaro okupatuak izan ziren etxolez mintzo zaizkigunak.

Uste izatekoa da, paisaia bestelakoa izanik, garai bateko jarduera ekonomikoak ere ez zuela gaurkoarekin antza handirik izango. Eta horrela ematen du, alde handia dagoela. Ikusi al ditu norbaitek azken aldian ehunka burutako eliak edo behi-taldeak Aralarren? Eta ez bakarra, bat baino gehiago baizik. Eta ehunka burutako txerri-taldeak aspaldian? Bada garai batean eliak edo behi-taldeak ibiltzen ziren Aralarren. Behi-talde horiek izen bereziak zituzten eta, Aralarri dagokionean, Orreagako monasterioaren Fraideelia izango da ezagunena segur aski. Okela, esnea, gazta, gurina, larrua eta gorotza emateaz gainera, abereen indarra lanerako eta garraiorako baliatzen zen.

Talde handiak ziren Aralarko eliak, baina zenbat burutakoak? 300-400 burutakoak, batez beste. Jakina, alde batetik bestera, jabearen eta inguruaren arabera, behiki kopurua ez zen berdina, baina badaude aipatu zenbakiak egiaztatzen dituzten zenbait datu. Adibidez, eta Aralarri datxekionez, badakigu 1.452. urtean Orreagako eliak gehienez 350 buru izan zitzakeela.

Elien antolaketari buruz Euskal Herrian dauden lehen aipamen idatziak Aralarko alderdi nafarrari dagozkio. 1.167. urtean Iruñeko gotzainak eta Bela konteak Uharte Arakilen dagoen Zamartzeko monasterioaren elia gobernatzeko akordioasinatu zuten. Bitxikeria moduan, diogun behi-taldeak Arimeria izena zuela. Koldo Mitxelenak iruzkindutako testuan honakoa irakur daiteke, hitzez hitz: “... quod Orti Leohoarriç faciet ut lengua Nauarrorum dicitur unamaiçter et Aceari Umea faciet buruçagi quem voluerit”. Gaurko euskaraz: Orti Leohoarritzek nafarren hizkuntzan (euskaraz) unamaiçter esaten zaion bat jarriko du eta Azeari Umeak buruçagi bat. Unamaizterra nor zen? Unaien nagusia, hau da, betzain edo behi-zaintzaileen arduraduna, espainieraz ‘mayoral’ esaten zaion bera. Hain zuzen, maizter hitzaren antzinako esanahia ez da ‘alokairuan dagoena’, ‘artzainen nagusia’ baizik (lat. magister). Buruzagiak (edo buruzaiak), garai batean aguazilen lanak egiten zituzten gizasemeak ziren. Basozain lanak egiten zituzten eta, hortaz, buruzagiak zaindariak (edo zaindarien nagusiak) ziren, baina ez aziendarenak, arrunki bederik, mendiarenak baizik. Esan gabe doa eliak ez zirela unanmaizter, unai edo buruzagienak; jabeak beste batzuk ziren, eta haiek ere bazituzten beren izenak; eli-jauna da horietako bat.

Hitz bitan, behi taldeak nagusi izan ziren 18. gizaldia arte eta ardien transhumantzia, gaur ezagutzen dugun moduan, orduan hasi zen Aralarren.

Haatik, uste izatekoa eliak, behitalde handiak, hazkunde ekonomikoaren eta monasterioen eskutik, asko ugaritu zirela 8.-9. gizaldietatik aurrera.

Luis Mari Zaldua Etxabe