Olinpiada-urtea, Rio 2016, eta, berriz ere, XIV ORDUKO IBILALDIA, inoiz baino ikusmin handiagoa piztuta.

Lehenik eta behin, ongi etorri ibiltari guztiok, familiartekoak, lagunak eta bestelako laguntzaile guztiak... zuei esker egingo baitugu kirol ospakizun hau.

Aurtengo helburuak atzera begira jarri gaitu; izan ere, ibilaldi luze honen aitzindariek egin ohi zuten bezala egitea nahi genuke. Hasierako mendizale haiek ez zuten lasterketa egiteko asmorik; bai, ordea, bere buruak neurtzeko, mendian egun-pasa ederra egiteko, lagun artean gozatzeko... Mendizale haiekbizkarreko motxilan eramaten zuten behar zen guztia.

Era berean, ahal dela behintzat, errepideak saihesteko ahaleginarekin jarraituz, eutsi egingo diegu 2012ko berrikuntzei: Plazaolako trenbide zaharrean barrena iristea Lekunberrira, eta mendiz jaistea San Migeldik Guardetxera, garai bateko telegrafoaren ibilbidean barrena. Hala ere, ezingo dugu dena berreskuratu: desagertutako bidezidorrak, gero eta ugariagoak diren errepideek hartutako lekuak, etab. Haietako bizipenek ihes egin zuten betiko.

Horrelako gogoeta horien guztien ondorioz, beste bi berrikuntza garrantzitsu izango ditugu aurten:

EZ DUGU JATEKORIK BANATUKO, URA BESTERIK EZ DUGU EMANGO. Hala, urontzi edo kantinplora txiki bana oparituko dizuegu parte-hartzaile guztioi.

Beste aukera bat izango duzue, IBILBIDE BERRIA egiteko, Amezketatik Tolosaraino errepidez joan beharrean. Ohiko ibilbidearen aldaera hau Arritzagan hasiko da, eta, Larrondo, Ardile, Zarate, Añi eta Altzon barrena iritsiko da Tolosaraino. Ibilbide-zati horretan beste kontrol-postu bat jarriko dugu, bertatik pasatuko diren mendizaleen txartel-laukiak markatzeko. Gogoan izan norberak nahi duen ibilbidea aukera dezakeela, baina ezinbestekoa dela antolatzaileek erabakitako kontroletatik pasatzea, txarteletan zigilua jar dezaten.

Parte-hartzaile guztiok kamiseta bana jasoko duzue, probaren oroigarri. Eta, beste behin ere, gogorarazi nahi dizuegu XIV orduko hau IBILALDIA dela, ez MENDI-LASTERKETA.
Azkenik, ez ditugu ahaztu nahi orain arteko ibilaldietan parte hartu izan duten guztiak, eta lagundu izan digutenak, nahiz eta aurten, arrazoiak arrazoi, gurekin egoterik izango ez duten.
Besterik gabe, goza dezazuela mendian zabiltzaten bitartean.
Agur bero bat denoi.